Neguko egun labur, ilun eta eguraldi euritsukoek irteera luzeak galarazten dituzte. Edo behintzat, jendeak irteerak egiteko gogo gutxiago izan ohi du.
Atarrabiako Pilategira egin behar genuen bisita baina egun batzuk lehenago egin zuen euria ordea, gure aliatua bilakatu zen. Erortzen zen uraren indarrak, bere soinuak, gure ibilaldia hobetu zuen Otsaileko goiz hartan
Web orria ikustera gonbidatzen zaituztet, lehenik eta behin web orria, eta ondoren aukera baduzue, pilategi honetara urbildu eta bertatik gertu dagoen San Andreseko errotara gerturatu. Natura, kirola, ondare industriala, historia, Santiagoko ibilbidea. Zer gehiago egun eder bat igarotzeko hiritik gehiegi urrundu gabe?
Oinez iritsi daiteke Iruñatik Pilategira, ibaibidetik, edota autobusa hartu Atarrabiako kale nagusiko geltokiraino.
Lekuari dagokionez, web orriko informazioa gomendatzen dizuet “Arga ibaiarekin bat egin aurretik Ultzama ibaiak deskribatzen duen ur-jauzia, ibaia gainditzen duen sei arkuko Erdi Aroko zubia, Hirutasuneko jatorri erromanikoko basilika eta Donejakue bideko erromesentzako egungo aterpetxea, eraikin erantsirako jatorrizko helburua berreskuratzen duenak, Pilategiarekin batera, historia eta paisaia aldetik interes dudagabeko ingurunea eratzen dute, Iruñerriaren eta Pirinioaurreko ibarren arteko mugan.” Segi irakurtzen hemen.
Neguan, Pilategia astebukaeretan bakarrik dago irekita, eta ordutegiei edota bisita gidatuei buruz web orrian aurkitu daiteke informazioa. Gure gidaria Ekaitz Aranguren izan zen, mutiko izugarri jatorra, pilategiaren historia kontatu ziguna, baita ibaiaren bidea Iruñan zehar eta bere arroan. Ibaia, eta bertako ura dira biztanleriaren finkapenaren errudunak, ekonomiaren garapena, lanbideak, gremioak…
Une xelebre eta dibertigarriena Ekaitzek pilategia martxan jarri zuenekoa izan zen. Norbaitek Quijote-ren nobela ekarri zuen gogora, pilategiaren abenturak azaltzen direnean.
Amaieran, Iruñako historiaren bideo izugarri atsegingarria ikusi genuen, ibaiarekin erlazionatua: erromatar finkapena, erromesen bidaia ibilbidean zehar, gremioak, zuraren lekualdatzea, energia hidraulikoa, etab.
Laburbilduz, bisita oso erraza eta gomendagarria. Hurregora arte